XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUROPAKO BATASUNA

Geneban sortutako asilo-eskubidea, EBren jomugan

1951. urtean sinatutako Konbentzioari buruzko eztabaida gaur hasiko da Berlinen

Asilo-eskubidea bermatzeko 1951. urtean Geneban sinatu zen Konbentzioa Europako Batasuneko (EB) estatuen jomugan dago.

EBko Barne eta Justizia ministroek gaur Berlinen egingo duten bileraren helburu nagusia Konbentzioa gaurkotzea izango da. Gaurkotze horrek, ordea, asilo-eskubidearen murrizketa ekar dezake.

Batasuneko Barne eta Justizia ministroen bilera Berlinen izango da.

Eztabaidaren ardatza Europako Batasunera iristen diren errefuxiatuek sortzen (omen) dituzten arazoei aurre egitea da.

Helburu nagusia asiloari buruzko Genebako Konbentzioa gaurkotzea dela iragarri dute Batasuneko estatuek.

Ez dago oso garbi, ordea, zer suposatuko duen gaurkotze horrek.

Errefuxiatu kopuru handia hartzen duten estatuek, Alemaniak, Austriak eta Italiak bereziki, kargak banatzeko ordua iritsi dela adierazi dute.

Besteek, ordea, egungo egoera bere horretan mantendu nahi dute, betikoek errefuxiatuak hartzen jarrai dezatela, alegia.

Eztabaida Gobernu alemaniarrak berpiztu du Bosnia-Herzegovinako gerrak eztanda egin zuenetik Alemania izan baita errefuxiatu kopururik handiena onartu duena.

Balkanetatik Alemania aldera joandako iheslariak 460.000 inguru izan ziren bere garaian, eta horri turkoak, kurdoak eta beste komunitate askotako errefuxiatuak eta inmigranteak gehitu behar zaizkio.

Gerhard Schrô*derren Batzordeak karga hori Hamabost estatuen artean banatu behar dela dio, baina ez dirudi apoio gehiegi aurkituko duenik.

Europako Batasuneko kideek, finean, arau komunei buruz hitz egingo dute.

Ofizialki, arau horiek errefuxiatuei babesa eskaintzeko hartuko dira, baina praktikan eskubideak murrizteko izan daiteke.

Amsterdango Hitzarmena

Honi guztiari buruzko eztabaida, serio, Amsterdamgo Hitzarmena sinatu zenean sortu zen.

Oraindik indarrean sartu gabe dagoen Amsterdamgo testuak polizia eta justizia gaiak komunitario bihurtuko zirela iragarri zuen: mugen kontrolak, bisak, asilo politikoa eta inmigrazio eta errefuxiatuei buruzko politikak.

Hori guztia, hala ere, ez da bihar goizean gauzatuko.

Lehenengo Hitzarmenak indarrean sartu behar du eta gero bost urteko trantsizio epea irekiko da (Vienako Europar Kontseiluan erabaki zenez).

Orduan, denak ados badira, komunitario bihurtuko dira politika horiek.

Hala ere, estatu batzuk (Britainia Handia, Irlanda eta Danimarka), beraiek eskatuta, politika komun horretatik kanpo geratuko dira.

Jardunaldi bateratu horretan sartuko liratekeen puntu horiek ??? beharko dituzte Batasuneko Barne eta Justizia ministroek.

Gaur barne kontuei buruz hitz egingo dute eta bihar justiziarekin harremanetan dauden puntuei buruz.

Genebako Konbentzioak ez ditu aipatzen, propio, gaur egun gertatzen ari diren hainbat egoera: gerrak sorturiko desplazatuei buruz, esate baterako, ez da ezer aipatzen.

Hori aitzakiatzat hartuz, estatu batzuek (Alemania buru delarik, esan bezala) Konbentzioa gaurkotu eta moldatu nahi dute, bakoitzak bere interesak defendatzeko, jakina.

Formalki, helburu nagusia eta orokorra Europako Batasuneko estatu guztien arteko elkartasun sistema eratzea da, gerraren batek eragindako krisiei erantzun orokorra eta bateratua eman ahal izateko.

Lehen (eta oraindik) Bosnia-Herzegovina izan bazen, orain Kosovo izango litzateke horren lekukorik argiena.

Hala ere, bihar Berlinen hasiko den gailur informalak helburu zabalagoa duela esan genezake: Hamabostek erantzun globala eman nahi diote inmigrazioaren arazoari, gerrek sor ditzaketen egoera puntualetatik aparte.

Ez dirudi adostasun gehiegi dagoenik Batasuneko estatuen artean.

Inmigrazioaren zama banatu nahi dutenak alde batean daude eta errefuxiatu eta inmigrante gehiago hartzeko prest ez daudenak bestean.

Azken hauek beste proposamen bat aurkeztuko dute: inmigranteak banatu beharrean finantza-zama banatzea.

Gobernu alemaniarrak, dagoeneko, garbi utzi du ez duela irtenbide hori babestuko.

Batasunekoak ez diren pertsonen asilo-eskubidea jorratuko dute, bereziki Hamabostek.

Antza denez, barne-asiloaren kontua (komunitario batek Batasuneko beste estatu batean asilo politikoa eskatzen duenean, alegia) ez da mahai gainean egongo, baldin eta Estatu espainiarrak ez badu gai-zerrendan sartzen (antzeko bilera eta gailur guztietan egiten duen bezalaxe).

Gaurko eta biharko bilerak legez kanpoko inmigrazioaren aurrean hartu beharreko neurriei utziko die tarterik handiena.

Italiak legez kanpoko 250.000 inmigranteen egoera arautu eta erregularizatu du aste honetan bertan eta horrek gaurkotasun handia eman dio gai honi.

Azken egunotan, gainera, Batasuneko kide asko hasi dira inmigrazioari buruzko politika aztertzen.

Alemania, Britainia Handia, Estatu frantziarra eta Danimarka, esate baterako, politikak aldatzen ari dira eta horrek isla izango du Berlinen.

Gai-zerrendan ageri dena errespetatzen badute, ministroek Tampereko Gailurra (Finlandian) prestatu beharko dute.

Gailur hori urrian izango da eta bertan askatasun, segurtasun eta justizia esparru komunitarioa izeneko zerbait sortzen saiatuko dira Europako Batasuneko kideak.

Hitz potoloak, zalantzarik gabe, edukia ikusteko eta aztertzeko baldin badago ere.

Gailur horretan, gainera, FBI europar bultzatzen saiatuko dira, Europol izeneko polizia europarra alegia (edo, hobe esanda, elkarlaguntza polizialeko tresna europarra).

Justiziaren alorrean, Alemaniak Oinarrizko Eskubideen Gutuna defendatuko du.

Gutuna hitzarmen europarren ondoan edo parean jarri nahi du Bonnek (eranskin gisa).

Proiektua Batasuneko Ministroen Kontseiluko lehendakaritzapean eratu nahi du Schrô*derren Batzordeak.